XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AZALKERIA, ARMEN NEGOZIOA ETA HIRUGARREN MUNDUA

Patxi Ituarte

Ez da nire asmoa Jose Luis Arriagak, egunkari honetan, hain ondo jorratzen duen nazioarteko esparruan sartzea.

Ez horixe; baina gaurkoz gure betiko kakomakoak alde batera utziz, Bosniako eta Hirugarren Munduko azken egunotako gertaerek sortu didaten zenbait gogoeta azaltzea nahi nuke.

Azkenean, asteleheneko goizaldean egazkinek bota behar zituzten bonben burrunbadak zorionez ez ziren entzun Sarajevoko inguruko muinoetan.

ONU eta OTANen mehatxuek, alde batetik, eta Errusiaren diplomaziak, bestetik, arrazoibidean sartu omen dute Bosniako serviarrak.

Ez dakit nondik nora joango den Bosniako etorkizuna, ez eta hemendik aurrera bakea lortzeko egingo diren urratsak.

Azken unean badirudi Europa izutu egin dela, beste neurri gabeko gerra-mamuaren itzala ikusiz, eta bere ezintasuna aitortuz jo behar izan ditu Estatu Batuaren eta Errusiaren ateak laguntzaren billa.

Gorrotoak, injustiziak eta bakearen kultura ezak piztuten dituzte istiluak.

Istiluak askotan gerra gordinak bihurtzen dira.

Bakearen kulturak eskaintzen dizkigun baliabideak oso xume eta sakonak dira.

Lehenengo eta behin, auziak konpontzeko armak ez erabiltzea, armak bertan behera uztea.

Gaurko herrixka planetario honetan, armek ez dute balio duenik ezer konpontzen.

Behin betirako esan nahi dut.

Elkarren kontra daudenek, Bosnian eta edonon hemen, Euskal Herrian ere, elkarrizketaren bidez ahaleginak egin beharko dituzte zailak izango diren soluziobideak elkar aurkitzeko.

Giza eta herri eskubideek, egiak, justiziak, askatasunak eta herrien etorkizunak baldintzatu beharko dituzte itunak eta behin betiko bakea.

Eta prozesu hori maitasunean ezin bada egin, gorrotoaren zauriak eta ulertezinak ez baitira egun batetik bestera ezabatzen, elkarrekiko begirunean behinepein.

Europak eta Lehen Munduak arnasa pixka bat hartu dute hurrengo arte.

Eta hauxe da bereziki salatu nahi dudana: Lehen Munduaren azalkeria.

Bosnian erabili diren baliabide eta bitartekoak, zergatik, ez dira erabiltzen Hirugarren Munduko hainbat amaigabeko istilu eta gerrak geldiarazteko?

Zergatik Hirugarren Munduko herri eta nazioek eraman behar dute armen negozioaren zamarik astunena?

Armen negozia munduan da big money, hau da dirutza handia, eta dirutza horrek orain arte bederen erakarri izan ditu neurri berean nazio kapitalisten zein nazio sozialisten (komunisten) interes ekonomikoa eta norberekeria.

Mundu guztiko armadetan urtero armetan gastatzen edo xahutzen den diruak markak guztiak gainditzen ditu: ehun eta hamar biloi (bai, biloi: hamabi zeroekin) pezetatara iristen da.

Diotenez, hiru bider irakaskuntzan eta zortzi bider etxegintzan mundu osoan gastatzen dena.

Zoritxarrez, arazoak ez dira hor amaitzen.

Estatu kapitalistek eta komunistek armen salmenta hirugarren Munduko nazioei sekulako negozioa bihurtu dute beraientzat.

Hirurogei estatu baino gehiagok parte hartzen du negozio honetan, eta mundu zabalean beste horrenbeste gobernu nazionalak militarren kontrolpean daude.

Adituen iritziz, diru xahutzea eta iruzurra normalak dira armen negozio horretan, eta baita haiek ekartzen dituzten ondorioak: gehiegizko marjina edo mozkinak eta, herrien kalterako, agintea duten bakar batzuren aberastea ere.

Gerra hotzaren denborako kontuak dira, baina ez dakit beste motako gerra hotzaren atarian ez ote gauden.

Garai hartan, bai Soviet Batasuna bai Estatu Batuek, beren geopolitikaren helburuen zerbitzura, Hirugarren Munduko zenbait naziotan konponezinezko istiluak eragin zituzten, aldi berean armak nahi ahal saltzen zizkietela.

Gorrotoak eta istiluak bertako herritarren edo etnien artekoak ziren, baina kanpotik etorritako armei esker, amaigabeko gerra ustelak bihurtu zirela ezin ukatu.

Hirugarren Munduko herrietan armak eta gosea elkar ondotik dabiltza.

Eta hala behar nahitaez nazio horiek armak erosteko daukaten eta ez daukaten dirua xahutu egiten dutenean eta Lehen Munduko nazioenganako duten zorra ezin jasanezko neurrira heltzen zaienean.

Arazoa ezin dute konpondu eta beren industria, agrikultura eta mota guztietako zerbitzuak garatzeko dirurik ez zaie geratzen, eta ondorioz gosea eta izurriteak ez dira faltatzen.

Lehen Munduak Hirugarren Munduko nazioen garapenerako ematen duen laguntza sei bilioi t'erdi pezetatakoa da gutxi gora behera.

Ehun eta hamar biloi armetan mundu guztian eta sei biloi t'erdi garapenaren laguntzarako!!

Desoreka horrek eta hor barruan dauden interes guztiak zutik dirauten artean bakearen kultura ez da behar bezala garatuko munduan, eta inolaz ere ez dugu izango bakea lortzerik.

Bakea lortzeko lehen aipatutako baldintzak beharrezkoak ditugu.

Baldintza horiek finkatzeak Nazioarteko antolamendu berri bat eskatzen du.

Lehen Munduko nazioak ez daitezela gera beren norberekeria nazionalei begira.

Hirugarren Munduko egoera eta arazoak benetan larriak dira, eta handik datozkigun deiak premiazkoak.

Lehen Munduak bere laguntza eskaintzerakoan, orainarteko jokabideak aldatu egin beharko ditu.

Armen negozioa bertan behera utziz eta bakearen kulturaren edukinak zabaldu eta eginaren eginaz irakatsiz.

Oraingoan Europa eta Mendebaldea gerra zabalagoaren mamuak izutu ditu.

Mamua ez zegon Angolan, Somalian, Sudanen, Kanbodian edo Armenian esaterako, askoz hurbilago baizik.

Herri eta nazio horietan eta besteaskotan, amaigabeko gorroto eta gerra ustelak diraute, neurri handi batean kanpotik bidalitako armen laguntzari esker.

Lehen Munduko azalkeriari esker.

Azalkeria utzi eta zentzugabeko gerra horiek geldiarazteko, oraingo honetan Bosnian erabili diren baliabide eta bitarteko erabil ditzaten eskatuko genieke bai ONUri, bai Lehen Munduko armen saltzaile diren gobernuei.

Eta armen ordez bakearen kulturaren eduikinak irakats eta erabil ditzaten.